XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garciaren desagerpena ikertzeko Gobernuak borondate politikoa baduela dio Ardanzak

Jose Ramon Garcia, Ana Santander gazteiztarrarekin ezkondutako sindikalista mexicarra 1988an Salinas de Gortari Mexicoko lehendakari izendatu baino hamabost egun lehenago desagertu zen Poliziaren esku.

Azken urtetan Mexicon gertatu diren 44 desagerpenen artean Jose Ramon Garciaren kasuak izan du nazioarteko oihartzun zabalena eta Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzorderaino heldu zen, bere emazte gasteiztarraren ekimenari esker.

Mexicorako bidaia aprobetxatuz eta Gasteizko Legebiltzarraren agindua bete asmoz, Jose Antonio Ardanza Jorge Carpizo Mexicoko Giza Eskubideen Batzordeko lehendakariarekin elkarrizketatu zen asteazkenean eta Jose Ramon Garciaren kasuari buruz galdetu zion.

Bilera hau Carlos Salinas de Gortari lehendakari mexicarrarekin elkarrizketatu ondoren izan zen eta euskal kazetariei ez zitzaien jakin erazi hurrengo eguna arte, oso gai delikatua zelakoan.

Jose Antonio Ardanzak berak aditzera eman zuenez, Mexicoko Giza Eskubideen lehendakariarekin izandako bileran, kasua argitzeko Gobernuak duen borondate politikoa agerian gelditu zen.

Eta horixe izan zen Jose Antonio Ardanzak igorri zuen mezua.

Nik informaziotik jaso nuen inpresioa eta konbentzimendua arrazoi politiko garrantzitsua dagoela da: Salinas de Gortari lehendakariak Jose Ramon Garciaren gaia nazioarteko oihartzuna duela jakinik, kasua argitzeko borondate argia du, adierazi zuen.

Inpresio hori Garciaren familiari adierazi dio, horren froga zehatzik ez izan arren.

Familiak ez du bertsio hori onartu nahi, frogak agertzen ez diren bitartean.

Ez da desagerpen kasu bakarra eta desagertutako guztiak ez dira hilda agertu.

Gasteizko Ana Santander ezkondu, Gasteizen denboraldi batean bizi eta orduan UGTko militantea izan zen sindikalista mexicarraren desagerpenaren arrazoiei buruz, Giza Eskubideen Batzordeak motibo politikoak direla kausa uste du.

Arrazoiak hauteskundeetako iruzurrarekin lotuta leudeke.

Data guztien arabera Morelos-eko Poliziak berak atxilotu eta desagertarazi zuen, beste datuen artean, Estatuko poliziaburuak ihes egin zuelako atxilotzeko agindua eman zutenean.

Polizia hau ez da oraindik azaldu eta kasua geldirik dago.

GASTEIZKO LEGEBILTZARREAN PROPOSAMENA.

Gasteizko Legebiltzarrak, bestalde, aho batez Jose Ramon Garcia bizirik agertzeko ahalegin guztiak egiteko eskatu zion atzo Mexicoko Gobernuari eta Morelos Estatuko Gobernuari.

Halaber Legebiltzarreko taldeek Mexicoko Giza Eskubideen Batzordeak pasa den urtarrilaren 27an egindako adierazpenak legebiltzarkideengan sortarazi duen ardura agerian utzi nahi izan zuten.

Batzorde honek ikerketen berri eman zuen, eta Morelos Estatuko Epai Poliziako kideei desagerketa horrekin zerikusirik badutela salatu zuten.